Tertulia Dialogikoa

Tertulian elkartu ginenok oso lan gogorra egin genuen eta tamainako etekina atera genion. Gordon Wells-en “Indagación Dialógica” liburuko 9. kapitulua irakurri eta komentatu genuen: Aprender con y de nuestros estudiantes.

Bikain bete genuen gure lana testuko pasarterik azpimarragarrienak elkarbanatuz.

Zertaz hitz egin genuen? Bada, irakasleon lanaz, ikuspuntuak aldatu beharraz, gure eguneroko praktika aldatzeko ahaleginetaz, erreferentzia teorikoetaz  eta praktikan nabarmentzen ditugun gabezietaz, ikasleengandik ikasten dugunaz…

Testuari alderdi praktikoa ere bilatu genion, lan ildo batzuk nabarmendu genituen; besteak beste: Lanaren planifikazioan ikasleak nola inplikatu, ikasleen arteko laguntzak bideratzeko erak, ikaskideen arteko lan erregulazioa nola aurrera eraman, eta batez ere, irakasleon arteko kolaborazioaz geure praktika hobetzeko.

Saioaren balorazioa egiterakoan bizi izandako esperientzia aipatu genuen, eta gainera  lankide batzuen eskarmentuaren berri izan genuen.  Igorreko eskolan, Kukullagan eta Eguzkibegin badira irakasleak euren ikasleekin batera tertulian  aritzen direnak eta.

Gaiaz interesa badaukazue  Berritzegunekideok prest gaude ikastetxean bertan lan saioa egiteko, eta  gehiago jakiteko, alderdi teorikotik zein praktikotik (zeintzu liburu erabili adibidez), jo dezakezue ikaskom helbidera.

6.mailako ikasleen Tertulia Dialogikoa zuzenean, benetan interesgarria:

Anuncios

Ikasketa kooperatiboa: besteekin ikasten ikasiz

Aurreko Jardunaldietan ikasketa kooperatiboaz ere hitz egin genuen. Alde batetik, ikasketa kooperatiboa aniztasunari erantzuteko eta eskola inklusiborantz ibiltzeko estrategia onenetarikoa delako. Eta, beste aldetik, oso estrategia egokia delako hainbat oinarrizko gaitasun garatzeko, eta bereziki zeharkakoak diren herritartasunarako gaitasuna, ekimen pertsonalekoa edo ikasten ikastekoa. Ikasketa kooperatiboak ikasketaren autorregulazioa, arduren banaketa, guztion partaidetza, ahozko komunikazio trebeziak, errespetua, elkarlaguntza, enpatia… garatzen du.

Gure Berritzegunean metodologia honen alde apostua egin dugu. Mintegi bat izan dugu azkenengo bi ikasturteetan José Ramón Lagoren laguntzarekin, eta aurten ere jarraituko dugu lanean hildo honetatik. Iazko Jardunaldietan 3 ikastetxek etapa desberdinetan aurrera eramaten ari diren esperientzia aurkeztu zuten. Aurten beste pausu bat eman nahi izan dugu: metodologia hau bizi, esperimentatu. Hau dela eta, honen inguruko tailer bat antolatu dugu 19an.

Baina, zertan datza ikasketa kooperatiboa? Lagoren ekipokoek proposatzen duten markoa hauxe da : hiru eremu hauetan lan egitea.


Cooperar para aprender. Aprender a cooperar J. R. Lagoren aurkezpenetik hartuta)

Logikoa denez, era kooperatiboan nahi badugu lan egin, lehenengo pausua taldea kohesionatzea da. Horretarako hainbat dinamika proposatzen dira: Koloretako mundua, Maleta, Elkarrizketa, Pilota, Manuelen ekipoa,  Talde nominala…

Bigarren pausua ekipoak (laukoteak) osatzea da, kontuan hartuta nortzuk dira laguntza gehien behar dutenak eta nortzuk laguntza emateko gaitasun handiena dutenak. Ekipoak, beraz, heterogeneoak izatea proposatzen da.

Ekipoak osatuta daudenean, hasi ahal gara ikasketa kooperatiboa erabiltzen arloetan edukiak lantzeko. Denok dakigunez, ikasleak taldeka ipintzea ez da nahikoa haien artean kooperatzeko.  Ikasleei kooperatzen “behartzeko” jarduera egitaratu behar da era zehatz batean, hau da, egitura kooperatiboak erabiltzea: Folio birakaria, Arkatzak erdira, Irakurketa partekatua, 3 minutuko etena, 1-2-4, Hitzen jokua…

Baina hau guztia ez da erreza, ikasleek ez dakite era kooperatiboan lan egiten eta hau ere ikasi eta irakatsi behar da. Horretarako ekipoko planak egiten dira, non ikasleek ardurak eta hobetzeko helburuak lortzeko konpromezua hartzen duten, banakakoak eta ekipokoak.

Urriaren 19ko tailerrean aukera izango duzue dinamika eta egitura batzuk praktikan jartzeko esperientzia honetan dauden hiru irakasleen eskutik.  Mila esker hirurei.

Orain arte egin dugun lan guztia  gure wikian  ikus dezakezue. Interesatuta bazaudete, animatu eta tailerrera etorri! Gonbidatuta zaudete!

Talde elkarreragileak

Isabel Mendizabalek egindako aurkezpenetik hartutako irudia

Ikaskuntza dialogikoak elkarrizketa gogoetatsu sustatzen duten ikasgelako zein ikasgelatik kanpoko elkarreraginetan jartzen du enfasia. Ikasleak denbora guztian ikasten egotea eta ohizko baliabideekin ikasten duena baino gehiago ikastea du helburu, bai eta zailtasun gehien dauzkatenak besteen lanez baliatzea eta jarduera lehenago amaitu edo ulertu duenak besteari azaltzea ere.

Vigotsky-ri jarraituz, kognizioaren garapena eraikuntza prozesua da eta ezagutza ez da banakako lanaren emaitza baizk elkarrekintzarena. Testuinguru zehatz batean (fisikoa, kulturala, denbora historikoa, gizartea, …) garapen kognitiboa (adimena, pentsaera) eta hizkuntza besteekiko harreman, elkarrekintza eta elkarreraginaren bidez garatzen dira.

Ikasleen arteko elkarreraginak errazteko,  taldekatze heterogeneoak antolatzen dira gelan eta talde bakoitzean heldu batek dinamizatuko du ikasleen lana. Talde-kopurua bezainbeste jarduera egiteko antolatzen dira eta jarduera batetik beste batera pasatzen dira taldeak, hau da, talde guztiak jarduera guztietatik pasatzen dira, txandaka.

Bideo honetan, Bruselako Parlamentu Europarraren egoitzan,  2011ko abenduan INCLUD-ED proiektua aurkeztu zenean, Ania Ballesterosek zer diren Talde Elkarreragileak   azaltzen ditu.