Talde Elkarreragileen inguruko Tailerra

Tailerraren helburu nagusiak  bi ziren:

  • Talde elkarreragileak hobeto ezagutzea: zer, nola, zergatik, norekin, noiz, zertarako.
  • Talde elkarreragileen inguruko hausnarketa egitea

Helburu hauek betetze arren,    irakaskuntzarekin lotutako hiru ataza antolatu ziren talde elkarreragileen bitartez egiteko. Azkenean izandako bizipenaz gogoeta egin genuen.  Lan gogorra egin genuen baina parte hartu zutenen iritiziz jarduera oso aberasgarria izan zen. Dakizuenez, honelako tailerra ikastetxean egin nahi izatekotan,  gurekin harremanetan jarri eta antolatuko dugu. Bestetik, erabilitako materialak hemen dituzue:

Zer diraTalde Elkarreragileak

Talde elkarreragileak ZERTARAKO

Talde elarreragilekin lotutako atazak

Vygotskyren ekarpenak

Vygotskyren inguruko buru mapa

Vygotskyren eragina eskolan
Eta nola ez? Talde Elkarreragileen inguruko informazio gehiago izateko, hona hemen Ikaskom wikia , hortxe  artikulu batzuk aurkitu ahal dituzue eta.

Ikasketa kooperatiboa: besteekin ikasten ikasiz

Aurreko Jardunaldietan ikasketa kooperatiboaz ere hitz egin genuen. Alde batetik, ikasketa kooperatiboa aniztasunari erantzuteko eta eskola inklusiborantz ibiltzeko estrategia onenetarikoa delako. Eta, beste aldetik, oso estrategia egokia delako hainbat oinarrizko gaitasun garatzeko, eta bereziki zeharkakoak diren herritartasunarako gaitasuna, ekimen pertsonalekoa edo ikasten ikastekoa. Ikasketa kooperatiboak ikasketaren autorregulazioa, arduren banaketa, guztion partaidetza, ahozko komunikazio trebeziak, errespetua, elkarlaguntza, enpatia… garatzen du.

Gure Berritzegunean metodologia honen alde apostua egin dugu. Mintegi bat izan dugu azkenengo bi ikasturteetan José Ramón Lagoren laguntzarekin, eta aurten ere jarraituko dugu lanean hildo honetatik. Iazko Jardunaldietan 3 ikastetxek etapa desberdinetan aurrera eramaten ari diren esperientzia aurkeztu zuten. Aurten beste pausu bat eman nahi izan dugu: metodologia hau bizi, esperimentatu. Hau dela eta, honen inguruko tailer bat antolatu dugu 19an.

Baina, zertan datza ikasketa kooperatiboa? Lagoren ekipokoek proposatzen duten markoa hauxe da : hiru eremu hauetan lan egitea.


Cooperar para aprender. Aprender a cooperar J. R. Lagoren aurkezpenetik hartuta)

Logikoa denez, era kooperatiboan nahi badugu lan egin, lehenengo pausua taldea kohesionatzea da. Horretarako hainbat dinamika proposatzen dira: Koloretako mundua, Maleta, Elkarrizketa, Pilota, Manuelen ekipoa,  Talde nominala…

Bigarren pausua ekipoak (laukoteak) osatzea da, kontuan hartuta nortzuk dira laguntza gehien behar dutenak eta nortzuk laguntza emateko gaitasun handiena dutenak. Ekipoak, beraz, heterogeneoak izatea proposatzen da.

Ekipoak osatuta daudenean, hasi ahal gara ikasketa kooperatiboa erabiltzen arloetan edukiak lantzeko. Denok dakigunez, ikasleak taldeka ipintzea ez da nahikoa haien artean kooperatzeko.  Ikasleei kooperatzen “behartzeko” jarduera egitaratu behar da era zehatz batean, hau da, egitura kooperatiboak erabiltzea: Folio birakaria, Arkatzak erdira, Irakurketa partekatua, 3 minutuko etena, 1-2-4, Hitzen jokua…

Baina hau guztia ez da erreza, ikasleek ez dakite era kooperatiboan lan egiten eta hau ere ikasi eta irakatsi behar da. Horretarako ekipoko planak egiten dira, non ikasleek ardurak eta hobetzeko helburuak lortzeko konpromezua hartzen duten, banakakoak eta ekipokoak.

Urriaren 19ko tailerrean aukera izango duzue dinamika eta egitura batzuk praktikan jartzeko esperientzia honetan dauden hiru irakasleen eskutik.  Mila esker hirurei.

Orain arte egin dugun lan guztia  gure wikian  ikus dezakezue. Interesatuta bazaudete, animatu eta tailerrera etorri! Gonbidatuta zaudete!

IKASTEN IKASTEKO GAITASUNA: ni neuk, irakasle legez, nola hobetu nire praktika?

irudiaren kreditua

Aurreko urteetan bezala, aurten ere BO6ko Jardunaldiak antolatu ditugu. Orain arte, urtero, oinarrizko konpetentzia bakarra hartu dugu ardatz. Aurten, ordea,  iaz landutako Ikasten ikasteko konpetentziaren lanketari jarraipena ematea erabaki dugu. Oso konpetentzia garrantzitsua izanik zaila egiten zaigu konstzienteki lantzea.

Iaz, Elena Martinek eta Carmen Pellicerrek Ikasten ikasteko deritzon konpetentziaren marko teorikoa ulertzera eraman gintuen eta ordu arte eskualdean garatutako esperientziak eta estrategiak ezagutu genituen bertako  irakasleen eskutik. Jakina, haien esperientziak aurkezteko prest zeuden irakasleei esker.

Aurten, beste buelta bat eman nahi diogu gaiari. Alde batetik, geuk ere irakasle legez, zelan  hobetu ahal dugu gure praktika konpetentzi honi begira? Zalantza hori argitzeko, Carles Monereok azalpen teoriko-praktikoa egingo du. Bestetik,  hurrengo egunean, esperientzien aurkezpenen ordez, tailerren bidez esperientziak bizi egingo ditugu. Bestela esanda, ikasten ikasteko konpetentzia garatzeko dauden estrategia metodologiko batzuk praktikan jarriko ditugu zuokin. Blogean  ikus dezakezue Egitaraua eta izena eman dezakezue.

Leku honetan, jardunaldien aurretik konpetentzia honen inguruko artikuluak argitaratuko ditugu (hausnarketak, baliabideak, orientabideak…). Zuek ere  komentarioen bitartez parte hartu ahal duzue. Zuen parte-hartzea espero dugu. Horrezaz gain, Jardunaldien ostean, ikusitako aurkezpen eta esperientzia guztiak bilduko ditugu hementxe bertan zuen eskura egon daitezen.

Gure xedea da irakasle ororen eguneroko lanean eta etorkizunerako erronketan hemen aurkeztuko diren ideiak eta esperientziak erabilgarriak izatea.

Lan honi jarraibidea ikasturte honetan zehar ere emango diogu, zuon berriztapen-gogoetan eta zuon eskaeretan oinarrituta.